Honi buruz
Hitanoari buruzko webgunea dugu honakoa. Euskal Herri osoko hiztunen hikako testigantzak batu eta erakutsi nahi ditu, interesa duen orok ahozko jardun hori hobeto ezagutzeko baliabide bat izan dezan. Batetik, hika hitz egiteko moduak; bestetik, hitanoari buruzko iritziak eta azalpenak.
Hitanoaz.eus webgunean hitanoaren gaineko ikerketak eta albisteak datozen moduan, hemen Badihardugu elkarteak egindako elkarrizketak eta ikus-entzunezkoak batzen dira eta baita ere hitanoari buruzko argitalpen nagusiak ere (liburu eta liburuxkak). Proiektu honekin, beraz, hitanoaren ezagutza sustatu, baliabide praktikoak eta errealak eskaini eta motibazioan eragin
nahi dugu.
Webguneak atal desberdinak ditu. TESTIGANTZAK atalean Ahotsak.eus webgunean hika jasotako bideo-pasarteak batu ditugu, Euskal Herri osokoak. BIDEOTEKA atalean, Badiharduguk prestatutako hitanoaren gaineko ikus-entzunezkoak datoz, hainbat eratakoak: hitanoari buruzko iritziak, Azkoitiko hitanoari buruzko bideoa, Oñatiko hitanoari buruzkoak, Oñatin egindako Hika Eguneko abestiak eta hika-bertso-saioa eta baita Euskal Herriko I. Hika Topaketako hitzaldiak eta mahainguruak ere. ARGITALPENAK atalean, berriz, hitanoari buruzko liburuak eta liburuxkak batu ditugu.
Proiektuak herriz herri
Oñati. Hitanoa bultzatzeko Ingo Xonau! egitasmoa sortu zen, herri ekimenetik Oñatiko Udalaren babesarekin, eta Badihardugu elkarteak koordinatzen du. 2019tik hona hainbat jarduera egin dira herrian: noka jasotzeko elkarrizketak, noka hiztunen diagnostikoa, ikus-entzunezkoak, hika ikasteko poltsikoko liburuxka, hikako adizki nagusien "txuletia", hika ikastaroak, hikalaguna, Hika Eguna, hika bertso-saioa, hitanoa ikasteko Appa hi! aplikazioa... Hemen orain arte egindakoak.
Azkoitia. Hitanoa bultzatzeko Hike eizan! proiektuaren barruan, hitanoari buruzko elkarrizketak egin genituen eta baita ikus-entzunezkoa ere. Azkoitiko hika ikasteko Appa hi! aplikazioa ere aurki egongo da prest. Azkoitiko Udalak beste hainbat jarduera egin ditu proiektu horretarako: hika bertso-paper lehiaketa, hika bertso-saioak, hika ikasteko liburuxka...
Antzuola. Antzuolako hitanoa jasotzeko elkarrizketak egin genituen, Udalak eskatuta, eta Antzuolan hika egitasmoa sortu genuen.
Lasarte-Oria. Oriarte institutuan hika ikastaroa egin zuten, Usurbilgo ikasle batzuek eskatuta. Institutuko gazte horietako batzuk elkarrizketatu genituen, eta promo-bideoa egin genuen instituturako, Lasarte-Oriako Udalak eskatuta, Ele-meleka proiektuaren barruan.
Leintz bailara. Hitanoa jasotzeko elkarrizketak egiten ari gara Leintz bailarako herri gehienetan: Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Appa hi! aplikazioa ere atera dugu aipatutako herrietan eta Leintz-Gatzagan. Arrasateko hika ikasteko liburuxka ere bidean da.
Beste herri batzuk. Ataunen eta Zaldibian ere egin ditugu hitanoa jasotzeko elkarrizketa batzuk.
HIKAGIN egitasmoa
HIKAGIN egitasmoa Euskal Herrian hitanoa sustatzeko sortu genuen: hikaginen sarea josten joateko eta hitanoa biziberritzeko. Proiektu horren barruan, besteak beste hitanoaren egoerari buruzko inkesta egin genuen, inkestari buruzko azterketak (orokorra eta udalerri euskaldunetakoa), hitanoa bultzatzeko ekimenen EAEko katalogoa, hitano sustatzaileak saretzeko lana...
Euskal Herriko I. Hika Topaketa
2023ko azaroaren 10ean Euskal Herriko I. Hika Topaketa antolatu genuen, UEUrekin eta Oñatiko Udalarekin elkarlanean eta hainbat erakunderen babesarekin. Hitanoa bultzatzen ari garen 80 eragile inguru batu ginen. Goizean hitzaldiak egon ziren eta arratsaldean talde-dinamikak. Goizeko jarduna grabatu egin genuen, eta bideoak herritarren esku ipini ditugu, sarean.