Hitanoari buruzko pasarteak
-
Ezkondu ostean ere bikotearekin hika
Jaione Azpiazu Larrañaga (1969) Azkoitia
Gaztetan kuadrillan batzuekin hika eta beste batzuekin zuka egiten zuen, bakoitzarekin hartutako ohituraren arabera. Gaur egun hika gehiago egiten dutela dio. Mutil-lagunarekin hika hasi zen eta hala jarraitu zuten ezkondu ostean ere. Garai batean ez zegoen ondo ikusita eta adineko jendeak noizbait egin izan die komentarioren bat.
-
Alabei zuka
Jaione Azpiazu Larrañaga (1969) Azkoitia
Alabei ez diete hika egin eta hor akatsa izan dutela dio. Iloba mutilei hika egiten die eta neskei zuka, baina ez daki horren arrazoia. Alabek etxean beti entzun izan dute hika eta badakite, baina hitz egiteko ohitura falta.
-
Haserretutakoan, hika
Jaione Azpiazu Larrañaga (1969) Azkoitia
Bere buruari hika egiten dio, sarritan haserre. Alabekin ere haserretutakoan errazago egiten die hika.
-
Hika, hika dakienari
Jaione Azpiazu Larrañaga (1969) Azkoitia
Hika dakienari errazago egiten dio hika. Azkoitia-Azpeitia ingurukoei normalean hika egingo die, baina beste herrietakoei lehen hitza, normalean, zuka.
-
Usurbilen hika hitz egitea normala
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Kalean ikasi dute hika hitz egiten. 7-8 urterekin hasi ziren. Normalena hori da Usurbilen. Landerri aitak ere egin izan dio hika; Aimarri ez. Lasarte-Oriako gazteek gaztelaniaz egiten dute gehiago eta hika saiatzen direnek ez dutela ondo egiten diote. Beraien hika ere ez ei da ona.
-
Hika, mutilen artean eta modu naturalean ikasita
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Belarriz ikasi dute, modu naturalean. 16-17koei entzunda. Ez dira gogoratzen ikasketa-prozesuaz. Mutilen artean hitz egiten dute. Neskei normalean ez, aditz solte batzuk eta toka noka beharrean. Noka Usurbilen ez dute entzuten; uste dute neskek ez dakitela ondo.
-
Noka esaldi solteak soilik
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Usurbilen hitanoaren egoera osasuntsua dela diote. Kalean asko entzuten da. Mutilen artean bai, nesken artean ez hainbeste. Noka bultzatu beharko litzatekeela dioten arren, arraroa egingo litzaieke neskak noka entzutea. Noka esaldi solteak erabiltzen dituzte, umore tonuan, baina ez dira noka elkarrizketa bat mantentzeko gai, eta neskak ere ez.
-
Hitanoaren iritzi ona dute
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Herri txikietan hobeto mantendu da hitanoa. Donostiako bati hika eginez gero, baserritarrak direla pentsa dezakete. Beraiek iritzi ona daukate hitanoari buruz, egunerokoan erabiltzen dutelako.
-
Errespetuaren izenean, zuka
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Errespetuarekin lotzen dute zuka. Itxuraren eta adinaren arabera erabiltzen dute hika. Landerri ez zaio ondo iruditzen nagusiagoek berari hika egitea eta berak ezin hika erantzun ahal izatea.
-
Aitari hika egiteko ohiturarik ez
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Landerri ez zaio ateratzen aitari hika egitea, zuka egiten dio. Ohitura kontu bat da.
-
Noka ikasteari buruz
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Lander animatuko litzateke noka ikastera. Zaila egingo litzaioke. Kaleko hika dakite, eta ez dela oso zuzena diote. Noka lehenengo neskek ikasi behar dutela diote, bestela alferrik dela beraiek ikastea: ez dute izango norekin egin.
-
Hika, konfiantza girokoa
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Noka zabaltzeko, neskek beraien artean hitz egin beharko luketela dio Aimarrek. Hika konfidantzarekin lotzen dute. Ezezagun bati ez diote hika egingo. "Euskal label" batekin ere lotzen dute, baina hika ez dutela ondo egiten diote.
-
Ikastolako euskara eta beraiena diferenteak
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Ikastolako euskara ez dela beraiek hitz egiten dutena esaten dute. Lasarteko batzuek hika gaizki egiten dute, beraiek baino okerrago.
-
Hika-ikastaro batean beraienak lekurik ez
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Lander animatuko litzateke hika ikastaro batera, baina bere ustez beraien hitz egiteko era ez luke irakasleak onartuko. Beste leku batzuetako hika arrotza egiten zaie.
-
Lasarten gaztelaniaz hitz egiteko ohitura handiagoa
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Lasarteko ikaskideek gaztelaniaz hitz egiteko ohitura dute, beraiek hika egiten duten bezalaxe. Usurbilen hika egiten dute kalean; ez dute gaztelania asko entzuten.
-
Aisialdian ere gehiena hika egiten dute
Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil
Eskubaloi taldean jokatzen dute, eta han ere hika hitz egiten dute. Parranda giroan ere hika gehiena. Lagun batzuek gaztelaniaz egiteko ohitura dute, eta haiekin gaztelaniaz egiten dute. Erosoago sentitzen dira euskaraz.


