Hika hizketan

  • Fernando Aranbarri Maxixatzen elkartearen lan garrantzitsua

    Fernando Aranbarri Oiartzabal (1947) Azkoitia

    Maxixatzen Euskara Elkarteak lan handia eta garrantzitsua egin izan duela iruditzen zaio, nahiz eta agian ez den behar beste baloratu. Lantalde oso ona izan du, gehiena emakumez osatua. Elkarteak beherakada izan zuenean, laguntzera sartu zen bera ere. Garrantzitsua da herriaren ahots ezberdinak agertzea, edozein eratakoak izanda ere.

  • Fernando Aranbarri Ikastolaren sorreran, laguntzaile moduan

    Fernando Aranbarri Oiartzabal (1947) Azkoitia

    Garai batean kartoiak biltzen ibiltzen ziren, ikastolarentzako dirua ateratzeko. Ikastolako batzordean gurasoak eta laguntzaileak zeuden eta bera laguntzaile moduan ibili zen, artean ez zuen umerik eta. Gogoan du 100.000 pezetako abalak sinatu zituztela.

  • Leire Larrañaga Gurasoak ere azkoitiarrak

    Leire Larrañaga Sudupe (1981) Azkoitia

    Gurasoak biak azkoitiarrak ditu. Aita "Erromaldo" familiakoa. Ama baserrikoa, Zuhutzu baserrian bizi izandakoa. "Erromaldo" gaitzizena nondik datorren.

  • Leire Larrañaga Umetan dena euskaraz; ikastetxeetako giroa

    Leire Larrañaga Sudupe (1981) Azkoitia

    Hiru urterekin Artxamendiko eskolan hasi zen eta gero Xabier Munibe ikastetxeko eraikinera pasa ziren. Umetan dena euskaraz egiten zuten ikastolan. Kanpotik etorritakoen seme-alabak Floreaga ikastetxera joaten ziren. Euskaraz ikasten zuten eskolan, baina gero euren arteko harremanetan gaztelaniarako joera zuten. Ikastolako neskek eta Floreaga ikastetxekoek harreman gutxi izaten zuten. Mutilek zerbait gehiago, futbolaren edo eskolaz kanpoko ekintzen eraginez.

  • Leire Larrañaga Ikastolan ama-hizkuntza euskara ez duten umeak lehen baino gehiago

    Leire Larrañaga Sudupe (1981) Azkoitia

    Ikastolan euskararen egoera asko aldatu da bera umea zenetik. Gaur egun gela guztietan daude gutxienez lau ikasle ama-hizkuntza euskara ez dutenak. Hala ere berehala hasten dira euskara erabiltzen euren arteko harremanetan. Kanpotik etorritako bi anaia elkarrekin euskaraz ikusi zituela kontatzen du. Azkoitia oraindik euskalduna dela erakusten duen beste adierazgarri bat.

  • Jon Ander De la Hoz Arregi Triatloiak prestatzeko, diziplina

    Jon Ander De la Hoz Arregi (1992) Getaria

    Arraunean urte mordoa eman zuenez, kirolarekiko diziplina eta ohitura du aspalditik. Triatloiak prestatzeak askatasun handia ematen dio eta entrenamenduak egiteko malgutasuna.

  • Xabier Eizagirre Aparteko eskolak Trino Uriaren etxean

    Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia

    Gogoan du aparteko eskolak ematen zituztela Trino Uriaren etxean. Adin ezberdinetako hamar ume inguru elkartzen ziren. Gabonetan jaiotza jartzen laguntzen zioten eta une berezia izaten zen beraientzat.

  • Xabier Eizagirre Eskola nazionalean, euskaraz egitearren, zigorra

    Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia

    Eskola nazionaleko irakasleak erdaldunak ziren, asko euskara entzuterik ere nahi ez zutenak. Behin baino gehiagotan jaso izan zuen zigorra eta berriz ez zuela euskaraz egingo idatzi behar izaten zuen 100 aldiz. Lehenbizi plazako eskolan ibili zen eta azken urteetan Floreagako eraikinean. Maisuak eskolaren gainaldean bertan bizi ziren.

  • Xabier Eizagirre 18 urterekin murgildu zen euskalduntze-alfabetatzean

    Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia

    18 urterekin ikasketak amaitu zituenean, krisia zegoen. Ordurako euskararen inguruko kontzientzia ere piztua zuen eta euskalduntze-alfabetatzean murgildu zen. Gau-eskoletan eta Gasteizen AEKn urtebete egin ostean, IRALEn hasi zen lanean. 38 urtez Sakontze ikastaroak ematen lan egin eta gero, erretiroa hartu zuen.

  • Xabier Eizagirre Kanpotik etorritako batzuk euskalduntzen ziren, beste batzuk ez

    Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia

    Eskolan dena gaztelaniaz egin arren, beraien artean euskaraz egiten zuten eta zigortu egiten zituzten horregatik. Trino Uriaren eskolan ez zeukaten debeku hori eta eskola atseginagoak izaten ziren. Kanpotik etorritako jende gehiena "Franconeko" etxeetan jarri zen bizitzen, herrigunetik aparte. Batzuk euskalduntzen ziren (Diego Garcia, esaterako), baina ez guztiak. Umetan Martinez guardia zibilaren semearekin izan zuen erlazioa. Geroago sortuko zen distantzia harreman horretan, egoeraz kontzientzia hartutakoan.

  • Xabier Eizagirre Goi aldeko baserrietan -dxe bukaera

    Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia

    Gurasoak biak Izarraitzpekoak ziren, baina Azpeitia aldekoak. Agian horregatik egingo dute -ye bukaera eta ez Azkoitian gaur egun zabalduen dagoen -xe. Hala ere, Jauregitik gorako baserrietan -dxe egiten dela uste du Xabierrek. Azkoitiko beste auzo batzuetan ere entzuten da -ye bukaera, Martirietan, adibidez.

  • Xabier Eizagirre Garai batean euskarari edo gaztelaniari emandako balioa

    Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia

    Euskarari balioa kendu izan zaio eta askok oso sartuta zuten hori. Gogoan du Zumeta baserriko gizona nola harritu zen bera euskarazko eskolak ematetik bizi zela jakin zuenean. Izan ere, beraiek gaztelaniaz egitera behartzen zituzten. Gaztelaniaz ikasteko aukera gutxien izan zutenek, baserritarrek esaterako, balioesten zuten gehien gaztelania.

  • Xabier Amuriza Mutil nagusiagoek eginarazten zizkieten bihurrikeriak

    Xabier Amuriza Sarrionandia (1941) Amorebieta-Etxano

    Eguerdietan etxera joateko astirik ez zuenez, bazkariarekin joaten zen eskolara. Mutil nagusiagoek sagarrak lapurtzera behartzen zuten. Bera ez zen ume bihurria eta, gainera, meza-laguntzailea zen, eta jendea harritu egiten ziren lapurretan harrapatzen zutenean. Borrokan egitera edo maistrari gonapetik begiratzera ere behartzen zituzten, baina berak ez zuen batere gustuko. Maistrarekin harreman ona zuen.

  • Xabier Amuriza Ikasgai guztiak liburu bakarrean

    Xabier Amuriza Sarrionandia (1941) Amorebieta-Etxano

    Eskolan Entziklopedia edo liburu bakarrean izaten zituzten ikasgai guztiak. Liburu bat amaitzen zutenean, hurrengoa, zailagoa. Maistrak ezin zien denei batera erakutsi eta taldeka egiten zuen. Txikienak egoten ziten aurrean eserita eta nagusiagoek maistrari gonapetik begiratzeko eta gero ea zer ikusten zuten kontatzeko esaten zieten.

  • Xabier Amuriza Mutil nagusiagoen jazarpena eta nesken babesa

    Xabier Amuriza Sarrionandia (1941) Amorebieta-Etxano

    Bera izaten zen eskolara bazkariarekin joaten zen bakarra, besteak gertuago bizi ziren eta. Nagusiagoek eurei jarritako zigorren kopiak egitera behartzen zuten batzuetan. Mutikoek orduan belarrondokoa ere erraz ematen zieten txikiagoei. Gogoan du nesken babesa ere izaten zuela. Elizpean neska-mutilek elkarrekin egiten zuten jolasaren inguruko azalpenak.

  • Xabier Amuriza Umetako baserriko lanak: behizain eta itaurrean

    Xabier Amuriza Sarrionandia (1941) Amorebieta-Etxano

    Eskolatik etxera joandakoan, behiak zaintzea izaten zen bere lan nagusienetako bat. Urtean zehar beste lan batzuk ere egin behar izaten zituen: behiekin itaurrean ibili, egurra ekarri... Itaurrean egitea zer den. Lan gogaikarria zela eta orduan erabaki zuela fraide joatea dio.

  • Xabier Amuriza Amak etxeko martxa; aitak jornala eta alegrantzia

    Xabier Amuriza Sarrionandia (1941) Amorebieta-Etxano

    Aita igeltseroa zen eta etxetik kanpo lan egiten zuen. Oinez egiten zuen Zornotzara joan-etorria. Amak eramaten zuen etxeko martxa, baita ekonomia ere. Lau anai-arreba dira, arreba nagusiena eta hiru mutil. Anai gazteena bera baino bederatzi urte gazteagoa. Euren familiako giroa pixka bat berezia zela dio. Aita oso ameslaria zen eta alaitasuna jartzen zuen etxean. Ez zien kasurik egiten auzokoen artean egoten ziren pikeei. Orduko familietako giroa.

  • Xabier Amuriza Abadegaien kategoria

    Xabier Amuriza Sarrionandia (1941) Amorebieta-Etxano

    Domeketan derrigorra izaten zen mezara joatea. Gizonak goizeko mezara eta andreak eta umeak hamarretakora. Abadegaia zen sasoian, bietara joan behar, baina gustura. Abadegaiek kategoria izaten zuten eta ondo ikusita zeuden. Baina ezin izaten ziren lagunekin ibili, debekatuta zuten.

  • Xabier Amuriza Aita Luzio. Larreatik, abadegai bila

    Xabier Amuriza Sarrionandia (1941) Amorebieta-Etxano

    Larreako komentutik Aita Luzio joaten zen bai eskolara eta bai elizara, mutilak abadegai joan zitezen "propaganda" egitera. Arrosarioak egiten abila zen eta hark erabiltzen zituen zilarrezko aliketak gustatzen zitzaizkion Xabierri. Maistrarekin hitz egiten zuten abadeek, komenturako moduko mutilak zein izan zitezkeen jakiteko. Abade eta fraidegaiek kategoria izaten zuten eta, hori ikusita, baiezkoa eman zuen berak ere.

  • Xabier Amuriza Larreako komentura joan zeneko bizipenak

    Xabier Amuriza Sarrionandia (1941) Amorebieta-Etxano

    Larreako komentuan diziplina gogorra zegoen. Fraideak eurak ez ziren hain gogorrak, eta, herrikoa izanik, euskaraz ere egiten zioten pixka bat, nahiz eta gaztelania izan oinarri. Etxera joan barik denbora luzez han egon beharra zen gogorrena.