Hitanoari buruzko pasarteak

  • Ane Ugarte Hika galduko balitz, zer?

    Ane Ugarte Garitaonandia (1993) Oñati

    Galtzea penagarria litzateke. Egunen batean alaba bat balu, ez du uste hari hika egiteko egingo liokeenik, berak bere amari bezala. Ingo xonau! ekimena sortu den arte ez du kontzientzia hartu, galdu egin daitekeenik. Pereza emango lioke hasieran hika-tertulietan parte hartzeak, baina merezi duela uste du.

  • Ane Ugarte Hika, egoera informaletarako

    Ane Ugarte Garitaonandia (1993) Oñati

    Mutilek ez dakite noka egiten, eta toka ere gaizki egiten dute askotan. Hitanoa konfiantzarekin lotzen du Anek, eta parranda giroarekin. Ez da egoera formaletarako.

  • Ane Ugarte Ohitura aldatzea zaila iruditzen zaio

    Ane Ugarte Garitaonandia (1993) Oñati

    Etxean jaso duten apurrek ez dute eduki zeinekin egin. Irati Barrena aipatzen du, proiekturako elkarrizketatutako gazteetako bat (Ongi tabernan egiten du lan neska horrek). Hastea izango litzateke, baina salto bat iruditzen zaio.

  • Ane Ugarte Oñatiko nokaren galeraren arrazoiak

    Ane Ugarte Garitaonandia (1993) Oñati

    Zergatik joan da galtzen noka eta toka ez Oñatin? Neskei errespetua izatea eskatu zaie eta sozializatzeko ere beste bide batzuk izan dituzte gizonek. Orain, nahiz eta jakin, egitea zaila iruditzen zaio berari ere.

  • Ane Ugarte Ama hika egiten hasi zitzaien anaiari eta berari

    Ane Ugarte Garitaonandia (1993) Oñati

    Etxean jaso du hitanoa. Bere amak-eta hika egiten dute senide artean. Anaiari eta berari zuka egiten zien umetan, baina egun batean hika egiten hastea erabaki zuen. Anek ez dauka norekin hika egin. Laudioko lagunekin euskaraz egiteko ere nahiko lan izan du.

  • Nerea Agirre Hitanoa hurbiltasunarekin lotzen du

    Nerea Agirre Kortabarria (1977) Oñati

    Hitanoa hurbiltasunarekin lotzen du, laguntasunarekin, konplizitatearekin. Lanean hika egiten dio neska batek. Galtzea pena litzateke, eta hori gerta ez dadin, dakitenek transmititu egin beharko luketela dio.

  • Nerea Agirre Mutil gazteek ez dakite noka

    Nerea Agirre Kortabarria (1977) Oñati

    Bere adineko nesken artean ez du hitanorik entzuten. Bi aipatzen ditu, badakitenak. Adin bateko gizonezkoek badakite noka, baina mutil gazteek ez.

  • Nerea Agirre Amarekin gero eta gehiago hika

    Nerea Agirre Kortabarria (1977) Oñati

    Ahizpen artean gutxi egiten dute hika. Ez dira saiatu ere egin. Berak gehiago egiten du amarekin bere ahizpak baino.

  • Nerea Agirre Erdararako joera emakumeen artean

    Nerea Agirre Kortabarria (1977) Oñati

    Adin bateko emakume euskaldunen artean ikusten du erderarako joera bat gizonezkoen artean ez duena ikusten. Sasoi bateko pentsakera: erderaz zebilen emakumea "finagoa" zela euskaraz zebilena baino, eta hika egiten zuena are baldarragoa zela.

  • Nerea Agirre Hitanoa ez emakume finentzat

    Nerea Agirre Kortabarria (1977) Oñati

    Zergatik gorde da mutilen artean eta nesken artean ez? Errespetuaren kontua ikusten du hor Nereak. Emakumeak fina izan behar horretan hitanoa baztertu egin da.

  • Nerea Agirre Emakumeek hika egitea "atsoen" kontua

    Nerea Agirre Kortabarria (1977) Oñati

    Fanpuenean (bikotearen baserrian) ez dute hika egiten. Bere bikoteak koadrilakoekin dena hika egiten du, baina nesken artean ez da egiten. "Atsoen" eta "baserritarren" kontutzat zuen berak ere, punturarte.

  • Nerea Agirre Emakumeek Olabarrietan Murgian baino gutxiago hika?

    Nerea Agirre Kortabarria (1977) Oñati

    Murgia auzoan bada ohitura hika egiteko. Orain Olabarrietan bizi da, eta han ere batzuek egiten dute. "Tierra santa" deitzen zioten Olabarrietari. Andolatzakoa aipatzen du.

  • Nerea Agirre Amari hika egitea errespetu falta?

    Nerea Agirre Kortabarria (1977) Oñati

    Berak gogoan duela, betidanik egin diete hika, ume-umetatik. Amari hika egiten badio, batzuek esaten diote hori ezin dela egin, errespetu falta dela.

  • Nerea Agirre Auzoan, hika egiteko ohitura

    Nerea Agirre Kortabarria (1977) Oñati

    Amak anaiarekin hika egiten du, eta ahizparekin ere bai. Aitak koinatuarekin ere bai. Auzoan gizonezkoek hika egiten dute beraien artean, baina emakumeek guztiekin ez (Kamelakoekin eta Azkarretakoekin egiten du amak).

  • Nerea Agirre Amak egiten dio hika

    Nerea Agirre Kortabarria (1977) Oñati

    Amaren bidez jaso du hitanoa, etxean. Bi ahizpei egin die hika amak, eta etxeko bi osabek ere bai. Aitak noizbait baina gutxi. Egiten duen apurra amarekin egiten du, eta orain ahizpari gehiago egiten hasi da. Amarekin lehen ez zuen egiten, eta orain ere gaiaren eta momentuaren arabera.

  • Irati Barrena Gurasoek ez diote Marixoli hika egin; auzoan ikasi du

    Irati Barrena Bolinaga (1999) Marixol Bolinaga Erostarbe (1962) Oñati

    Ez du hitanoa etxean jaso. Gurasoek egin dute beren senideekin eta auzoan ere entzun du. Zaharragoei hika egitea oso gaizki ikusita egon da. Osaba mutilzahar batzuek bere anaiari hika egin izan diote, baina berari ez. Koadrilakoekin egiten du hika Marixolek, eta auzoan ikasi zuen. Orain alabari egiten dio hika, ikasi dezan.

  • Irati Barrena Ama-alabak elkarrekin hika, ikasteko

    Irati Barrena Bolinaga (1999) Marixol Bolinaga Erostarbe (1962) Oñati

    Alabari hika egiten hasi da, eta Iratik baimena dauka amari ere hika egiteko. Konturatu ziren neskek ez dakitela, eta mutilek ere ez noka. Iratik ez zekizkien nokako formak, eta erakusteko eskatu zion amari.

  • Irati Barrena Marixolen gurasoen ustez hika egitea "gogorra"

    Irati Barrena Bolinaga (1999) Marixol Bolinaga Erostarbe (1962) Oñati

    Marixolen gurasoei "gogorra" iruditzen zaie alabari hika egitea. Iratik aitajunari egiteko eskatu zion, eta hark ezetz. Marixolek ez dauka pertzeptzio hori: berari gustatu egiten zaio. Hori bai, haserre dagoenean, demanda egiteko erabiltzen du gehien berak.

  • Irati Barrena Iratiren adineko mutilek toka egiten dute, baina noka ez

    Irati Barrena Bolinaga (1999) Oñati

    Hitanoarekin izan duen esperientzia. Daukan erreferentzia amonarena da, eta bere adineko mutilena: hika egiten dute beren artean. Berari gaizki egiten zioten, noka beharrean toka, eta horregatik animatu zen amari eskatzera. Marixolen kasuan Araotzen ohikoa zen gazteen artean hika jardutea.

  • Marixol Bolinaga Neska eta mutil elkarrekin joaten ziren tabernetara

    Marixol Bolinaga Erostarbe (1962) Oñati

    Sozializatzeko moduak ez dira berdinak izan neskentzat eta mutilentzat. Bere amaren sasoian emakumeek finak izan behar zuten, ez errebeldeak... Marixolek ez du hori bizi izan. Neska eta mutil ekarrekin joaten ziren tabernetara.