Hitanoari buruzko pasarteak

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Hika noiz hasi ziren

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    Ez dakite ziur noiz hasiko ziren hika hizketan, baina kuadrillan hasiko zirela uste dute. Julenek osaba bati txiki-txikitatik egin izan dio. Asierri aitak eta osabek hika egin izan diote, baina Juleni osabak bakarrik. Anaia gazteagoari gehienbat hika egiten dio Julenek.

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Matematikako irakasleak hika

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    Batxilergoan eduki zuten matematikako irakasleak hika egiten zien ikasle guztiei eta berari ere hika egiteko eskatu zien. Goiazkoa zen.

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Kuadrillan denek hika

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    DBH 1 edo 2. mailan hasi ziren elkarrekin kuadrillan. Adin bereko 40 mutil inguruk osatzen dute lagun-taldea eta denek egiten dute hika. Euren adineko neskek gero eta gehiago egiten dutela hika iruditzen zaie. Hala ere, mutilei zuzentzerakoan erabiltzen dute hika batik bat; beraien artean gutxi.

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Hika ondo erabiltzen ote duten zalantzak

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    Eskolan hikako adizkiak ikasi zituztela eta noka ere ikasi zutela diote. Hala ere, gutxi erabiltzen dutenez, ahaztu egiten da. Julenek dio ez dakiela ziur ondo ala gaizki erabiltzen duen. Toka ondo erabiltzen ote duten ere zalantzak dituzte.

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Kuadrillako "zuzentzaileen" laguntza

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    Hika hitz egiterakoan, askotan egiten duten akatsa: "iguel zik" esatea "iguel zitek" esan beharrean. Badituzte kuadrillan pare bat lagun halako akatsak zuzentzen dizkietenak.

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Hikaren etorkizuna; noka nola bultzatu

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    Hika galduko balitz gertutasuna galduko luketela iruditzen zaie. Zuka egitea "oso robotikoa" izango litzateke. Beraiek bizi diren artean hika ez dela galduko diote. Noka bultzatzeko, irakatsi eta ekintzak antolatu beharko liratekeela dio Julenek. Asierri iruditzen zaio lehenbizi neskak hasi beharko liratekeela elkarrekin hika.

  • Andoni Sagarna Gurasoengandik jaso zuen hitanoa; ama ahizparekin noka

    Andoni Sagarna Izagirre (1947) Donostia

    Gurasoek hika egiten zioten eta naturalki ikasi zuen. Amaren ahizpa beraiekin bizi izan zen urte askoan eta elkarrekin noka egiten zuten. Noka asko entzun izan duen arren, ez du praktikarik. Ama baserrikoa zen eta askotan baserri giroko espresioak erabiltzen zituen.

  • Lander Iribar Euskaraz eta mutil artean hika beti

    Lander Iribar Zumeta (2004) Aimar Vázquez Saizar (2004) Usurbil

    Landerri aitonak hika egiten zion eta Aimarri ere bai bereak. Aitak ere egiten dio batzuetan Landerri. Euskaraz ari direnean, hika ari dira beti mutilen artean. Norbait hika hasten bazaio, Landerrek hika erantzuten dio, baina neskak ez zaizkio hika hasten. Beraiek erabiltzen duten hitanoa ez dela liburuetakoa diote, baina ikastetxean hikari buruzko klaseak eman beharko lirakeela.

  • Ixabel Jauregi Hikaren gertutasuna; kontzientziaren beharra

    Ixabel Jauregi Alberdi (1956) Azkoitia

    Hikak gertutasuna eta konplizitatea ematen duela eta zuka harreman-mota ezberdina sortzen dela dio. Lankide berri bati zuzentzean, lehenbizi ea euskaldun zaharra ala euskaldun berria zen begiratzen zuen, hika egiten hasteko. Baina euskaraz ondo moldatzen zirenekin, normalean, hika. Gaztetan ere, amari dendan laguntzen ziotenean, bezero askorekin hika. Hika egiteko kontzientzia eduki izan du beti, batez ere seme-alabak izan eta gero.

  • Ixabel Jauregi Ikasleen gurasoekin, normalean, zuka

    Ixabel Jauregi Alberdi (1956) Azkoitia

    Amaren dendan bezeroekin hika egiten zuen gaztetan. Irakasle bezala, normalean zuka egin izan du gurasoekin, baina batzuekin hika ere bai, salbuespenez, batez ere gazteagoekin edo ikasle ohiekin.

  • Itziar Arrieta Auzoko lagunekin hika; kalean zuka

    Itziar Arrieta Albizuri (1941) Olatz Arrieta Albizuri (1943) Azkoitia

    Ezagutzen dituzte elkarrekin hika aritzen diren senar-emazteak, baina ez zaie oso egokia iruditzen. Beraiek hika ohitu ziren eta halaxe egin izan dute. Hika beraiekin batera bukatu dela uste dute, ondorengoei zuka egin izan diete eta. Auzoko lagunekin hika egiten zuten, baina kalera joandakoan zuka, batez ere ezezagunekin. Itziarrek gizonezkoei hika egiteko joera.

  • Itziar Arrieta Hika edo zuka egitea, ohitura kontua

    Itziar Arrieta Albizuri (1941) Olatz Arrieta Albizuri (1943) Azkoitia

    Seme-alabei umetatik zuka egiten ohitu dira eta bilobei ere beti halaxe egin izan diete. Itziarrek dio haserretutakoan egiten duela hika, barrutik halaxe ateratzen zaiolako. Hika egitea ohitura kontua dela iruditzen zaie.

  • Jone Zabaleta Zuka ohituta, baina hika gustuko

    Jone Zabaleta Larrañaga (1998) Azkoitia

    Jonek beti zuka hitz egiten du, umetatik halaxe ohitu delako. Gustatzen zaio hika. Saiatuz gero, hika egiten asmatuko lukeela uste du, nahiz eta kostatuko litzaiokeen eta hanka sartuko lukeen zenbaitetan.

  • Itziar Arrieta Non eten da hikaren transmisioa?

    Itziar Arrieta Albizuri (1941) Olatz Arrieta Albizuri (1943) Yolanda Larrañaga Arrieta (1968) Jone Zabaleta Larrañaga (1998) Azkoitia

    Itziarrek harakin batekin lan egiten zuen. Berak hika egiten zion, baina hark sekula ez zion hika erantzun. Itziarrek gizonezkoei hika egiteko ohitura du. Olatzek dio lagunekin beti hika egiten duela.Transmisioa non eten den komentatzen. Bi aldeetako aiton-amonek hika egiten zioten Yolandari, baina gurasoek ez.

  • Itziar Arrieta Mutil batzuek neskei ere toka

    Itziar Arrieta Albizuri (1941) Olatz Arrieta Albizuri (1943) Yolanda Larrañaga Arrieta (1968) Jone Zabaleta Larrañaga (1998) Azkoitia

    Mutil batzuek neskei ere toka hitz egiten diete. Ez zaiela egokia iruditzen diote denek. Joneren ustez askok ezjakinean egiten dute.

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Lagunartean hika

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    Elkar ezagutu zutenean hasieran zuka egingo zuten, baina behin konfiantza hartutakoan, hika. Etxean entzun izan dute hika. Kuadrillakoekin egiten dute hika batez ere. Asierrek esaten du gero eta gehiago egiten duela, batzuetan aitari ere bai. Tabernara joandakoan, lehenengo hitza hika. Bestela adinak eta neska edo mutila izateak baldintzatzen du zuka/hika hastea.

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Hika egitea ere errespetuzkoa

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    Zuka hitz egitea omen da errespetuzkoa, baina Asierrek dio hika egitea ere errespetuzkoa dela, konfiantza handiagoa ematen duelako. Behin pertsona batekin zuka ohitutakoan, kosta egiten da ohitura aldatzea. Osabekin hika egiten dute.

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Ikaskide oñatiarrekin hika

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    Asierrek Arrasaten ikasi du eta han ez dakitela hika dio. Ikaskide oñatiarrekin hika egiten zuen eta besteek ez zieten ulertzen. Julenek dio oñatiarrek euren hizkera oso barneratuta dutela eta hika erabiltzen dutela. Azpeitian ere hika asko egiten da, baina kosta aldera joanda, gero eta gutxiago. Beraiek kanpora joandakoan, tabernetan hika egiten dute eta baita adintsukoak diren mutilekin ere, ezezagunak izan arren.

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Elkarrekin ezin zuka egin

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    Hika egiteak "soltura" eta konfiantza ematen die. Zuka oso formala iruditzen zaie zenbait egoeratarako. Lagunarteko hizketa propioa sortuta izango balute moduan iruditzen zaie. Elkarrekin ezingo lukete zuka egin, oso "robotikoa" edo oso "faltsua" gertatuko litzaieke.

  • Julen Aldalur eta Asier Odriozola Nokaren beherakada, aurreko belaunaldietatik datorren arazoa

    Julen Aldalur Larrañaga (1999) Asier Odriozola Elorza (1999) Azkoitia

    Hika lotsagabea dela esan izan da. Julenek dio nokaren beherakada aurreragoko belaunaldietatik datorrela, baina ez du ulertzen zergatik galdu den noka eta toka ez. 30 urte inguruko neska talde batzuk oraindik egiten dute elkarrekin hika, baina hortik behera gutxi.