Hitanoari buruzko pasarteak
-
Zergatik animatu noka egitera?
Kattalin Miner Perez (1988) Hernani
Hitanoa desesenzializatu egiten da, noka ikastaroak eginez edo norbere ekimenez erabiltzera ausartuta. Plazan egoteko modu bat sortzen du. Noka entzuteak arreta ematen badu, zerbait mugitzen duelako dela dio.
-
Nokarekin arauak hausten
Kattalin Miner Perez (1988) Hernani
Hil-hurren dagoen hizkera bati, hitanoari, eta bereziki emakumeak noka bultzatzen hasi direnean, genero bereizketa egoztearekin ez dago ados. Hitanoa ikasi daitekeela esatean, helduagoei egitean, arau batzuk hausten ari direla azaltzen du.
-
Hika bultzatzeko proiektuan parte hartzeko erabakia
Irati Lizarralde Alberdi (2004) Leire Lizarralde Alberdi (1999) Azkoitia
Azkoitiko hitanoa bultzatzeko proiektuan parte hartzeko erabakia nola hartu zuten. Iratik eskolan izan zuen proiektuaren berri. Leire, berriz, Iratiren bitartez sartu da proiektuan, hikaren erabilera beherantz doala ikusten duelako eta hitanoa aberasgarria iruditzen zaiolako. Noka emakumezkoen ahalduntzeko tresna gisa ere ikusten dute.
-
Hitanoak zer transmititzen duen
Irati Lizarralde Alberdi (2004) Leire Lizarralde Alberdi (1999) Azkoitia
Hikak gertutasuna eta goxotasuna adierazten dituela iruditzen zaie. Ohituraz egiten den zerbait ere bada. Pena handia hartuko lukete hika galduko balitz. Euren ama hika entzuten duten moduan, gustatuko litzaieke euren ondorengoek ere beraiek hika entzutea.
-
Toka bakarrik dakien jendea
Irati Lizarralde Alberdi (2004) Leire Lizarralde Alberdi (1999) Azkoitia
Toka eta noka antzera erabiltzen dituzte, biak entzun izan dituztelako. Baina ezagutzen dute toka bakarrik dakien jendea. Beraiei ere noizbait egin izan diete toka. Mutil askok kalean ikasi dute hika eta kalean gehien toka entzuten denez, askok ez dakite noka badenik ere.
-
Mutil gazte gehienek hika; neska gazteek kontzienteki
Irati Lizarralde Alberdi (2004) Leire Lizarralde Alberdi (1999) Azkoitia
Azkoitian hika asko entzuten da. 50 urte ingurutik gora emakume zein gizonek egiten dutela hika dio Iratik. Gazteen artean mutilek egiten dute batez ere. Badaude hika egiten duten neska gazteak ere, baina normalean kontzienteki erabaki hori hartu dutenak izaten dira.
-
Neska gazteen hitanorako ohitura
Irati Lizarralde Alberdi (2004) Leire Lizarralde Alberdi (1999) Azkoitia
Beraien adineko mutilek hika egiten dute. Neskek, berriz, askoz gutxiago egiten dute. Leirek dio lagun batzuekin whatsappez hika jarduten duela, baina aurrez aurrekoa zailagoa izaten dela. Iratik dio neska batzuk elkarrekin toka ere entzun izan dituela, noka badagoela jakin arren, errazago ateratzen zaielako. Mutilak oso umetatik hasten dira hika eta neskak geroago, kontzientzia hartzen dutenean.
-
Hika mutilekin lotzearen arrazoiak
Irati Lizarralde Alberdi (2004) Leire Lizarralde Alberdi (1999) Azkoitia
Hikak ez die ezer berezirik ematen mutilei; haientzat ere, neskentzat moduan, komunikatzeko tresna bat da. Baina zaharragoek hika egiten dutenez, beraiek ere hala egiten dute. Kasu horretan transmisioa lagunartean edo kalean egiten da. Hika mutilekin lotu izan da, baina neskekin ez. Arrazoiak zeintzuk izan daitezkeen. Hitanoa baserritarrekin ere lotu izan da. Beraiek ez dute zuzenean halako mezurik jaso izan.
-
Unibertsitatean euskalki ezberdinetakoak eta hitano gutxi
Irati Lizarralde Alberdi (2004) Leire Lizarralde Alberdi (1999) Azkoitia
Leirek azkoitiarrez egiten du unibertsitateko lagunekin. Hasieran ulertzea kostatu egiten zitzaiela eta euskara batua ere tartekatzen zuela dio. Euskalki ezberdinak entzutea eta euskararen egoera ezberdinak ezagutzea aberasgarria dela uste du. Hika oso jende gutxik egiten du, mutil gutxi batzuk bakarrik. Zenbait zonaldetakoek hika zer den ere ez dakite ia.
-
Hitanoa Azkoitian: ohikoa izatetik "mutilena" izatera
Ainara Elortza Izagirre (1979) Azkoitia
Inguruan beti entzun izan du hitanoa, gurasoek euren anai-arrebekin hala hitz egiten dutelako. Ez daki berak noiz hartuko zuen hikaren kontzientzia. Mutilek hikarako ohitura hori errazago hartzen dutela uste du, oso umetatik hasten dira hika. Azkoitian mutilek hika egiten dute, baita atzerritik etorritako familietakoek ere. Nesken artean etena hasi zen bere adinekoetan eta gaur egun gero eta gehiago mutilen kontutzat hartzen dute neskek hitanoa.
-
Hitanoa ipuinetan
Ainara Elortza Izagirre (1979) Azkoitia
Haur Hezkuntzan hitanoa txertatzen hasteko, hainbat ipuin aztertu zituen, baina oso ipuin gutxitan aurki daiteke hitanoa. Mitologiarekin lotuta agertzen da batzuetan, baina egunerokotasunean hika normaltasunez erabiltzen duten ipuinik ez dago ia. Tradiziozko ipuinetan toka azaltzen da, beharbada pertsonaiak ere gizonezkoak direlako.
-
Gaur egun tokari eta nokari ematen zaien irudia
Ainara Elortza Izagirre (1979) Azkoitia
Neska gazte batzuek toka egiten omen dute elkarrekin Azkoitian. Ainarak dio agian irudi zehatz batekin lotzen direlako izan daitekeela: noka "atsoen" hizketa, jada erabiltzen ez dena, eta toka, berriz, modakoa, kalean erabiltzen dena. Bere amari ahizparekin hika egitea gauza normala iruditzen zitzaion, baina bere alabarentzat mutilen kontua da. Mutilen profil zehatz batekin lotzen da, gainera. Noka indartzea inportantea litzateke estereotipoekin apurtzeko.
-
Hitanoa bultzatzeko zer egin behar litzatekeen
Ainara Elortza Izagirre (1979) Azkoitia
Hitanoa indartzeko zer egin beharko litzatekeen. Batetik, gurasoak kontzientziatu beharko liratekeela uste du. Eta etxetik jasotzen ez dutenentzat, eskolan lantzea garrantzitsua litzateke, txiki-txikitatik hasita. Literaturan eta telebistan erreferenteak izateko, Euskal Herri mailan eragin behar litzateke. Telebistan lehen gehiago erabiltzen zen hika.
-
Inork gutxik egin izan dio hika
Araitz Etxaniz Azpiazu (2004) Azkoitia
Hika ez duela asko entzun izan dio. Aita eta ama entzun izan ditu hika, bai elkarrekin eta baita lagunekin ere. Lagunartean ez dute hika egiten. Inork gutxik egin izan dio zuzenean hika, irakasle batek bakarrik. Bere adineko mutilek hika egiten dute, baina mutilen artean bakarrik, neskei ez diete egiten. Neska batzuek ere toka egiten diote elkarri.
-
Lagunartean hika hasteko nahia
Araitz Etxaniz Azpiazu (2004) Azkoitia
Lagunartean askotan pentsatu izan dute hika hasi behar direla, baina gero kostatu egiten zaie ohitura aldatzea. Batzuek gaizki egiteko beldurra dute. Adineko mutilek toka ondo egiten dutela uste du, baina noka agian ez dute jakingo.
-
Noka bakarrik galtzeak zer pentsatua ematen du
Jaione Azpiazu Larrañaga (1969) Araitz Etxaniz Azpiazu (2004) Azkoitia
Hika euskararen berezitasun bat da eta pena litzateke galtzea. Azkoitiko hikan noka bakarrik ari dela galtzen ikusteak ere zer pentsatua ematen duela diote. Askotan konturatu ez arren, mutilei errazago egin izan zaie hika, neskak finagotzat hartu izan direlako eta hika hizkera zakartzat hartu izan delako. Mutil gazteek euren artean hika egiten dute helduengandik hori jasotzen dutelako; neskek, berriz, ez.
-
Hika gehien Azkoitian eta Azpeitian
Jaione Azpiazu Larrañaga (1969) Araitz Etxaniz Azpiazu (2004) Azkoitia
Azkoitian eta Azpeitian asko egin izan da hika. Bizkaitar batzuk Jaioneri esan zioten inbidia ematen ziela, beraiek ez zekitelako hika. Kostaldean (Zarautz, Orio...) ere egiten dela diote. Elgoibar aldera gutxi eta Urretxu-Zumarraga aldera ere bai.
-
Azkoitian kalean ikasitako euskara: toka
Jaione Azpiazu Larrañaga (1969) Araitz Etxaniz Azpiazu (2004) Azkoitia
Azkoitian asko hitz egiten da euskaraz, beste herri batzuekin alderatuz gero. Jaione umea zenean, gaztelaniaz ikasten zuten eskolan eta kanpotik zetozenek agian ez zuten euskaraz ikasi beharrik sentitzen. Gaur egun denek ikasten dute euskaraz eskolan. Mutilek hika ere ikasten dute kalean. Jaioneri ikasle batek toka egiten dio, dakien euskara bakarra hori delako.
-
Nerabezaroan hasi zen hika, kontzienteki
Leire Larrañaga Sudupe (1981) Azkoitia
Bera umea zenean, mutilek txiki-txikitatik hika egiten zuten, baina neskek ez. Bera gerora hasi zen hika, nerabezaroan, modu kontzientean, harremanak hika izan nahi zituela erabakita. Anaia gazteagoari hika hasi zitzaion, baina hark ez zuen asmatzen berari hika erantzuten, lagunekin hika egin arren, noka ez zekielako .
-
Lagun minari haserretzen zenean hika
Leire Larrañaga Sudupe (1981) Azkoitia
Lagunei hika egiten hasi zen garaian, lagun min batek esan zion haserretzen zenean egiten ziola hika.


