Hitanoari buruzko pasarteak
-
Edozeini hika egiteko kezkatan
Fernando Aranbarri Oiartzabal (1947) Azkoitia
Hikaren aurkako iruzkin txarrak entzun izan dituela dio, baina ez du gogoan adibide zehatzik. Oraindik ere kalean edozeini hika egiten ez dela ausartzen dio, buruan sartu digutelako ez dela edukazio onekoa.
-
Hikak konfiantza eta gertutasuna ematen du
Fernando Aranbarri Oiartzabal (1947) Azkoitia
Hika egiteak konfiantza ematen du, hurbiltasuna. Ez da erraza ezagun bati hika hastea. Euskaldunon izaera ere halakoxea da, gainera: kostatu egiten zaigu konfiantza hartzea.
-
Hikaren egoera gaur egun Azkoitian
Fernando Aranbarri Oiartzabal (1947) Azkoitia
Hikaren egoera gaur egun txarra dela eta okerrera doala iruditzen zaio. Azkoitian oraindik ere gazteek egiten dute, baina ez daki ziur zein den uneko egoera. Bere alabak eta semeak hika egiten dute lagunekin. Penagarria litzateke hika galtzea.
-
Hika gutxiago inguruko herrietan
Fernando Aranbarri Oiartzabal (1947) Azkoitia
Bera Eibarren egon zen garaian, 60ko eta 70eko hamarkadetan euskara oso egoera txarrean zegoen han eta Elgoibarren ere antzera izango zela uste du. Elgoibarren bere adinekoek ez dakitela hika dio, familia oso euskaldunetakoak izan arren. Hikaren egoera txarra dela iruditzen zaio, zaila ikusten duelako Urolatik jada askoz galduago dagoen herrietara zabaltzea.
-
Ondo ikusten du gazteagoek berari hika egitea
Fernando Aranbarri Oiartzabal (1947) Azkoitia
Garai batean ez zegoen ondo ikusita zaharragoei hika egitea eta oraindik ere ohitura horrek badu indarra. Berak, esaterako, errazago egiten die hika gazteagoei zaharragoei baino. Hala ere ez du gaizki ikusten gazte batek berari hika egitea. Hika gehiago egingo luke, baina batzuetan muga bat sentitzen du, besteek zer pentsatuko ote duten edo.
-
Hautu kontzientea egin beharra dago euskararekin
Fernando Aranbarri Oiartzabal (1947) Azkoitia
Penagarria litzateke hika galtzea, gurea den gauza bat galduko litzatekeelako eta aberastasun bat galduko litzatekeelako. Gauzak hobetzeko, jendea kontzientziatu beharko litzateke. Euskararekin ere gauza bera: hautu kontziente bat egin beharra dago.
-
Etxean noka zen nagusi
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Gurasoek hika egiten zieten umetatik. Alabei agian gutxiago, gazterik etxetik alde egin eta urruntze horrek hizkeran ere aldaketa eragiten zuelako, antza. Anai-arreben artean hika egiten zuten eta, bost arreba zituenez, noka entzuten zen gehien etxean. Behin arreba txikiak osabari ere noka egin omen zion, artean ikasten ari zela.
-
Kuadrilla-giroan hika, bai mutilekin eta bai neskekin
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Kaletarren artean bazeuden gaztelaniarako joera zuten kuadrillak ere, agian tartean euskaraz ez zekien bakarren bat zegoelako. Hala ere, mutilen artean hika erabiltzen zen normalean. Neskekin ere erabiltzen zen, gutxixeago izan arren. Ezkondutakoan ez zen izaten ohikoa bikotearekin hika egitea.
-
Seme-alabei hika eta azkoitiarrez
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Seme-alabei hika egiten die, baina, Azkoitian bizi izan balitz, agian lehentxeago hasiko zela uste du. Berak lanean eta seme-alabek eskolan euskara batua darabiltenez, etxean berea (Azkoitikoa) irakastea erabaki zuen, Azkoitira etortzen zirenerako belarria ohituta eduki zezaten.
-
Donostiako gazte kuadrilletan euskaraz aritzearekin nahikoa
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Familiako whatsapp taldean berari ere hika zuzendu izan zaizkio noizbehinka semea edo alaba, txantxa-giroan. Nahiz eta hori garai batean ez zegoen ondo ikusita, egokia iruditzen zaio, ikasi dezaten balio badu. Nahiz eta kuadrilla batetik bestera aldea egon daitekeen, gazteek Donostian ez dute hika aritzeko aukerarik eta euskaraz aritzea bera ere ez da izaten erraza batzuetan.
-
Hikaren erabilera egokia, hika jakitearen barruan
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Hitanoa era naturalean jaso dutenek erabilera-ohiturak ere jaso izan dituzte oharkabean. Ez du uste "araurik" dagoenik, hika jakitearen barruan sartzen da egoki erabiltzea. Gogoan du behin mutil batek bere aitari toka egin ziola, hogei bat urte gazteagoa izanik. Aitak mutil hark ez zekiela euskaraz esan zuen.
-
Emakumeek euren buruari toka ala noka?
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Animaliei hika egin izan zaie. Orokorrean toka egin arren, kasu zehatz batzuetan baita noka ere, animalia emea denean. Hika aritzen direnek euren buruari ere hika egiten diote. Emakume batzuk esaten dute euren buruari toka egiten diotela. Xabier kontu horren inguruan hainbat emakumeri galdezka ibili omen da eta esaldi jakinetan bakarrik izango dela iruditzen zaio.
-
Hika, komunikazio-tresna
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Hikak patxada ederra ematen duela dio. Gauza bitxitzat hartzen da, baina komunikazio-tresna ohikoa izan da. Gaztelaniazko tratamenduekin egiten du konparaketa.
-
Hika irakasteko beharra ikusi zuten IRALEn
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
IRALEn irakasle lanean ibili zen lehen urteetan ez zuten ikusten hika irakasteko beharrik. Baina azken urteetan, hika galbidera zihoala ikusita, euskara bera bezalaxe hika ere irakastea, lantzea eta zuzentzea komeni zela ikusi zuten. Eman izan dituen ikastaroetan hika batua erabili izan duenez, ia herrikoan baino erosoago sentitzen da. Ikastaroetan batuko formak landu arren, beti esaten die irakasleei, euren herrietako formek ere ekartzeko, egokiak diren bitartean.
-
Hikaren galera ostikada handia litzateke euskararentzat
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Hitanoa galtzea hizkuntzarentzat ostikada handi bat izango litzatekeela uste du, hizkuntzak bere osotasunean egoten direlako osasuntsuen. Euskararen ajeak, era askotakoak.
-
Neskak nagusi hitano ikastaroetan
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
IRALEn hasi zen hitanoa lantzeko ikastaroak ematen, baina gerora handik kanpo ere eman izan ditu hainbat ikastaro Donostian, Oiartzunen... Emakumezkoak izan dira nagusi eman izan dituen ikastaroetan eta gehienak 40 urte ingurukoak. Oiartzunen gazteak animatu ziren, 14 urtetik 20ra bitartekoak, baina han ere gehienak neskak. Neskak hitano ikastaroetan hasteko arrazoiak.
-
Noka, mutilek ere jakin beharrekoa
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Gaur egun noka bultzatzeko hainbat proiektu jarri dira martxan, baina arrisku bat ikusten du Xabierrek: mutilak alde batera geratzea. Hitanoa bi norabidetakoa da eta mutilek ere jakin behar dute tokarekin ez dela nahikoa hika jakiteko. Berari tokatu izan zaizkio hika zekitelakoan toka bakarrik zekiten mutilak.
-
Gazteei hitanoaren inguruan azaldu beharrekoak
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Hitanoa duela gutxira arte komunikazio-tresna ohikoa izan dela azaldu behar zaie gazteei bere ustez. Horrekin batera, bi norabidetakoa dela irakatsi behar zaie, egoeran jarriz. Eta, azkenik, erabiltzen den hitanoan egiten diren akatsak zuzendu beharko lirateke. Inork ez dienez irakatsi, hitano markak jartzen dituzte jarri behar ez diren lekuetan ere.
-
Ahozkotasuna, herriko hizkera eta hitanoa, batera lantzeko aproposak
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Garrantzitsua litzateke ikastetxeetan hitanoa txertatzea. Horretarako, kasu batzuetan, lehenengo irakasleak prestatu beharko lirateke. Bere ustez ahozkotasunarekin batera landu beharko litzateke hitanoa, era praktikoan, herriko euskararekin batera. Herri bakoitzean bertako aditz-formak landu beharko liratekeela uste du.
-
Hitanoaren egoera; lanketaren beharra
Xabier Eizagirre Landa (1957) Azkoitia
Hitanoaren egoera euskararen egoerarekin doa pixka bat, baina euskara eskoletara edo komunikabideetara iritsi da euskara batuari esker eta lagunartekoa edo hitanoa atzera geratu da. Hitanoa orokorrean, baina, batez ere noka, gaitzetsi egin izan dira. Garai batean bertsolaritza ere garai bateko kontuekin, gizonezkoekin eta baserritarrekin lotzen zen, baina egoera asko aldatu da.


