Hitanoari buruzko pasarteak

  • Xeferi Erostarbe Mutikoei errazago egiten diete hika

    Xeferi Erostarbe Lazkano (1933) Bittori Goitia Larrañaga (1928) Enkarna Grisaleña Gil (1928) Oñati

    Hika zakarra dela askotan entzun dute, baina bestetik, konfiantza handia ematen du. Enkarnak mutilei errazago egiten die hika neskei baino.

  • Xeferi Erostarbe Umeei zuka, gero hika

    Xeferi Erostarbe Lazkano (1933) Bittori Goitia Larrañaga (1928) Enkarna Grisaleña Gil (1928) Oñati

    Garai batean hika gehiago erabiltzen bazen ere, ume txikiei ez zietzaien hika egiten. Behin 8-9 urte betetzean, zukatik hikara pasatzen ziren automatikoki.

  • Joxepa Zumalde Amandrearekin zuka, gainontzean hika

    Joxepa Zumalde Zumalde (1919) Oñati

    Amak eta amandreak hika egiten zieten gazteak zirenetik, umetan, ordea zuka. Umeei eta adinekoei zuka egin izan diete beti. Lagunekin ere beti hika. Nobiotan ere hika egin zuen Joxefak. Abadearekin berorika egiten zitzaion garai batean.

  • Joxepa Zumalde Ilobei zuka

    Joxepa Zumalde Zumalde (1919) Oñati

    Hika zakarragoa dela eta, alabei hika egin die baina ilobei zu.

  • Edurne Olalde Euskara alboratzen hasita

    Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    Eskolan txikitatik dena erdaraz ikasi, eta euskara alboratzen hasia zegoen Edurne Garay fabrikan hasi zenean. Araoztarrek, ordea, euskaraz egiten zuten euren artean, eta horrela hasi zen Edurne euskaraz, eta hika. Mutilen artean hika egiten zuten Garagaltzan, baina emakumeek ez.

  • Edurne Olalde Garay fabrikan hasi zen hika egiten

    Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    14 urterekin Garay fabrikan lanean hasi zenean, araoztar asko zegoen bertan, eta haiekin elkartu eta hika egiten hasi zen, euren artean hika egiten baitzuten. Lantokitik kanpo, ez zuen ia hikarik entzun Edurnek.

  • Edurne Olalde Hika oso jende gutxirekin darabil

    Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    Gaur egun oso gutxirekin egiten du Edurnek hika, fabrikako lagun zehatz batzuekin, eta bakan batzuekin. Kalekoekin ez du hikarik egiten.

  • Mertxe Odriozola Gurasoek alabei zuka, semeei hika

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Oñati

    Anaiek euren artean hika egin dute, baina ahizpen artean zuka egin dute beti. Gurasoek alabekin zuka egiten zuten, mutikoekin hika. Izebak hika egiten zien. Aitak haren anai-arrebekin hika egiten zuen.

  • Mertxe Odriozola Lana eta hika, aldi berean

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Oñati

    Auzoan oso gutxi ibil izan da Mertxe. Lazkaora joan zen gaztetan, eta bueltakoan, Oñatin erdaraz egiten zuen. Gerora, lantegian hasi eta hika hasi zen. Behin lantokian hasita, kuadrilan ere euskaraz egitean hika egiten zuen. Araoztarrekin beti hika egiten du.

  • Mertxe Odriozola Edo hika, edo erdaraz

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    Lantegian sartu zirenean, auzoetako jendea elkartu zen, haiek bakarrik egiten baitzuten euskaraz. Haien artean hika egiten zuten gainera. Hortaz, euskaraz eta hika egiten zuten batzuekin, eta erdaraz besteekin.

  • Mertxe Odriozola Gaur egun hika gutxi

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    Euskara bai, baina hika oso gutxi entzuten da orokorrean. Mutilen artean gehiago entzuten da, baina emakumeen artean ez. Eurek ez diete seme-alabei hika egin, baina senarrek semeei bai.

  • Mertxe Odriozola Hika, edukazio txarrekoa

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    Mertxeren kasuan, inguruko zenbaitek adierazi diote hikak duen ospe txarra, umeari egin behar ez zaiola eta edukazio txarrekoa dela. Baserritarren kontua zen lehen, ezjakinena. Gaztelania erabiltzea finagoa zen jendearentzat.

  • Mertxe Odriozola Hika, baserritarren kontua

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    Oñatin hika egiten duen jende gehiena auzotarra da eta baserritarra. Kaleko euskara nahiko pobrea izan omen da, eta kalean ez da ia hika egin.

  • Mertxe Odriozola Oso jende gutxik ezagutzen du hika

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    Gaur egun hika oso jende gutxik ezgautzen du, gazteek ez dute ezagutzen, ezagutzekotan mutilek. Edurneren eta Mertxeren adinekoek inbidiaz bizi dute hika jakitea.

  • Mertxe Odriozola Ikastolaren eragina hitanoan

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    Oñatiko gazteek ikastolan dena euskaraz ikasi badute ere, hikaren kontzepturik ez dute ikasi. Gainera, etxean ez zaie transmititu, eta horrek guztiak hikaren galeran eragin du Mertxeren iritziz.

  • Mertxe Odriozola Norekin egin daiteke hika?

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    Konfiantzazko pertsona, euskaraz ondo dakienarekin. Gurasoei ez zaie hika egiten. Ezezaguna izatekotan, errazago egingo lioke Mertxek mutiko bati.

  • Mertxe Odriozola Hika egiten duen azken belaunaldia

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    55 urtetik beherako emakumeek ez dute euren artean hika egiten.

  • Mertxe Odriozola Txakurrari hika, landareei zuka

    Mertxe Odriozola Igartua (1956) Edurne Olalde Igartua (1958) Oñati

    Txakurrari hika egin izan dio Mertxek, esaldi jakinetan Edurnek ere hika egin izan dio. Landareekin zuka.

  • Eli Igarzabal Etxean hika entzun du beti

    Eli Igarzabal Erostegi (1947) Oñati

    Etxean betidanik entzun du hika, gurasoek osaba-izebekin hitz egiten zuten. Amandreak eta aitajaunak ere hika egiten zuten. Gurasoek hika egiten zieten, eta anaiarekin beti egin izan du.

  • Eli Igarzabal Seme-alabei hikarik ez

    Eli Igarzabal Erostegi (1947) Oñati

    Hernanin bizi da Eli, baina hango kuadrilakoekin eta ikastolako zenbaitekin hika egiten du, baita senarrarekin ere. Seme-alabei, ordea, ez die hika egiten.