Hika hizketan
-
San Juan bezperan, San Juan sua egiten zuten
Jesus Alberdi Garbizu (1931) Bitori Larrañaga Igartua (1932) Bergara
San Juan bezperan, San Juan sua. Pizti txarrak galtzeko erabiltzen zen garai batean. Umetan ilusio handia.
-
Lagunartean euskaraz egiteko hautua
Jasone Gorroño Aldai (1954) Aretxabaleta
Jasoneri amak eta amandreak hika egiten zioten. Garai batean kalean ez zen euskaraz egiten, baina, zorionez, beraiek lagunartean euskaraz aritzea erabaki zuten. Mutilak ere bazituzten kuadrillan eta hika egin izan du berak, hurbiltasuna ematen diolako. Kuadrillatik kanpoko beste batzuei ere egin izan die hika, baina sarritan ez du erantzunik jaso izan. Neskei egitea zailagoa dela dio.
-
Hika, kontzienteki
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Gaur egun kontzienteki egiten du hika Jasonek. Umeei eta txakurrei ezin diela zuka egin dio. Amak eta amamak egiten zioten hika berari; aitak ez. Anaiarekin hika egin izan du beti; ahizparekin ez, ordea. Gerora hasi da ahizparekin hika, kontzienteki. Batzuetan gertatzen da senide gazteenei zuka egitea. Milak, adibidez, zuka egiten zion zortzi urte gazteagoa den anaiari.
-
Hika erantzutearren burla
Jasone Gorroño Aldai (1954) Aretxabaleta
Jasone gaztea zela, behin hika hitz egin zion herritar bati eta hark burla egin omen zion. Lur jota iritsi zen etxera, baina bazekien bera zela zuzen zebilena.
-
Kaletarren eta baserritarren euskaran aldea
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Milak uste zuen Aretxabaletako bere adineko neskek berak baino hobeto egiten zutela euskaraz. Euskaraz alfabetatzen hasi zenean, konturatu zen ez zela hala. Euskaran aldea dagoela kaletarren eta baserritarren artean dio.
-
Hikaren inguruko konplexua uxatzen
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Milak dio bere buruarekin borroka izan duela hika erabiltzearen inguruan, hikaren inguruko konnotazio negatiboa oso barneratuta zuelako. Hikaren aldeko mugimenduak poza eman dio. Aurreko belaunaldietan hika normaltasunez erabiltzen zen. Jasonek ama ahizpekin hika entzuten zuen. Jasonek ez zuen izan hikaren inguruko konplexurik; Milak bai.
-
Aita zorrotza euskara kontuekin
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Jasoneren aita oso zorrotza zen euskara kontuekin. Gaztelaniaz egiten zuenari ez ziola pagarik emango esaten zien (nahiz eta paga beti amak eman) eta gero tranpa txikiak jartzen zizkien. Amari aitak irakatsi zion gaztelaniaz. Gero, lagunen batekin gaztelaniaz entzuten zuenean, amorratu egiten zen. Gerraostean egon zen gaztelaniaz egiteko joera, dotoreagoa zelakoan.
-
Hika baserritarrekin lotuta eta baserritarrak gutxietsita
Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Hikaren desprestigioa nondik etor daitekeen. Hika baserritarrekin lotzen zen eta baserritarrak zeuden gutxietsita. Hika fonetikoki zuka baino gogortxoagoa izateak ere eragina izan dezakeela uste du Milak.
-
Konplexua euskalkiarekin
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Euskalkiarekin konplexuak egon dira; gipuzkera hizkera goxoagotzat hartu izan da. Neurri batean elizaren eraginez izan dela diote, elizak gipuzkeraren aldeko hautua egin zuelako. Milari Tolosan gertatutako anekdota. Eskolan ere euskara batua irakasten da, baina Jasoneri naturalagoa iruditzen zaio ahoz bertako euskara erabiltzea.
-
Bergaran ez zelakoan euskaraz egiten
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Gaztelaniaz ikasi zuten eskolan. Mojetan ibili zen Mila 12-13 urtera arte. Jasone, berriz, Bergaran. Osaba-izeben etxean egoten zen eta han dena euskaraz entzuten zuen arren, Bergaran ez zela euskaraz egiten uste zuen. Gerora jakin zuen orduan gaztelaniaz ezagutu zituenek bazekitela euskaraz. Aretxabaletan ere kalean gutxi egiten zen euskaraz.
-
Hikarik ez nagusiagoei eta senar-emazteen artean
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Jasoneren anaia bikotearekin hika hasi zen, ikas zezan, baina ama haserretu egiten zen, senar-emazteen artean hika egitea ez zela egokia iritzita. Seme-alabek gurasoei hika egitea gogorragoa egiten zaio Milari. Nagusiagoei hika egitea ere ez da ohikoa izan. Pare bat kasu kontatzen dituzte.
-
Konplexuen eragina hizkuntzan
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Gaztelaniaz egitea kutsakorra dela diote. Taldean norbaitek gazteleraz egiten badu, norberari ere nahi gabe ateratzen zaio. Mila gaztetan gaztelaniaz ondo egiten saiatzen zen, baserritarra zela igarri ez zedin. Jasonek hizkuntzarekiko kontzientzia zuen, baina Milak ez, eta zerabilen hizkerak prestigiorik ez zuenez, konplexua zuen bere hizkerarekiko.
-
AEK-k lagundu zion kontzientzia hartzen
Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Mila euskaraz alfabetatzen hasi zen eta hortik AEKn lan egiteko aukera sortu zitzaion. Arrasateko AEKn lan egin zuen 1983tik 1989ra, itxi zen arte. AEKn lan egiteak lagundu zion hizkuntzarekiko eta hikarekiko kontzientzia hartzen eta balioa ematen. Hango harremanak beti hika.
-
Gaztetan lagunartean gaztelaniaz; euskaraz egiteko hautua
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Milarentzat oso garrantzitsua izan zen hizkuntza baloratzea. Jasonek lagunekin gaztelaniaz egiten zuen gaztetan, baina une batetik aurrera euskaraz egiteko hautua egin zuten, kontzienteki. 6-7 lagun izango ziren hautu hori egin zutenak. Gerora, mutilekin elkartu ziren eta euskararen erabilera indartu egin zuten.
-
Euskal kontzientzia piztuta, euskaraz egiteko erabakia
Jasone Gorroño Aldai (1954) Aretxabaleta
Jasonek eta lagun batzuek euskararen aldeko hautu kontzientea egin zuten gaztetan, euskal kontzientzia pizten hasi zitzaienean. Aitak Aberri Egunean ikurrina zuen postaltxo bat jartzen zuen urtero irratiaren ondoan eta sestra sortzen zen etxean. Behin lagun batek azaldu zion hura zela euskaldunen bandera. Bilerak egiten eta kontzientzia politikoa hartzen hasi ziren pixkanaka.
-
Hizkuntzarekiko konplexua izatetik kontzientzia hartzera
Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Milak euskararekiko eta hikarekiko gauza txarrak besterik ez zituenez entzuten, konplexu handia zuen eta bere helburua gaztelaniaz ondo ikastea izan zen. Hala ere, inkontzienteki izan arren, euskaraz alfabetatzen hasi zen eta horri esker AEKn lan egiteko aukera izan zuen. Horrek lagundu zion euskararekiko kontzientzia hartzen. Administrazioan lan egin zuen arren, irakasle lanak ere egin zituen AEKn.
-
Mutilei errazago hika neskei baino
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Milak baserriko koinatari hika egiten dio, hark zuka egin arren, baina alabari eta iloba neskari zuka; semeari eta iloba mutilei, berriz, hika. Jasonek ere aitortzen du errazagoa egiten zaiola mutilei hika egitea neskei baino.
-
Euskararen erabilera asko jaitsi da Aretxabaletan
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Gazteek ez dute hika erabiltzen. Euskararen erabilera asko jaitsi dela herrian diote.
-
Azpeitian irakasleek elkarrekin hika
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Milak Aretxabaletako ikastetxe batean lan egin zuen lehen aldiz atezain gisa. Han gaztelaniaz entzuten zuen dena. Handik Azpeitira joan zen lanera eta bestelako giroa aurkitu zuen. Irakasleek euskaraz ez ezik hika egiten zuten elkarrekin Azpeitian.
-
Loramendi Elkarteak euskarari emandako bultzada indargabetzen
Jasone Gorroño Aldai (1954) Mila Zubizarreta Unanue (1948) Aretxabaleta
Loramendi Euskara Elkartea sortu zen garaian, euskara asko indartu zen eta ia ez zen gaztelaniarik entzuten Aretxabaletan. Loramendi Elkarteak lanean jarraitu arren, euskararen egoera gainbehera joan da. Eskoriatzan euskararen egoera eskasagoa izan da eta beharbada hango ikasleak Aretxabaletara etortzeak ere izan zezakeen eragina. Gaur egun Eskoriatzan bertan agian hobea izango dela euskararen egoera dio Jasonek.