Hika hizketan
-
Arraindegi kaleko bainuetxea
Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Arraindegi kaleko bainuetxea ere ezagutu zuen Bartolok. Barruan ez zen inoiz sartu. Etxean ez zen izaten ez dutxarik eta ez antzekorik. Orduan garbitasunari ez zitzaion gaur egungo garrantzirik ematen. Barreño batean garbitzen ziren, ondo xaboituta. Bestela, errekan.
-
Eibarko igerilekuak eta Maltzagako betekoak
Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Eibarren presa asko zeuden eta igeri egiteko leku aproposak ziren: Otolerdikuan, Olarreagan, Barrenazarrian,... Bestela, igeri ondo egiten zekitenak Maltzagara joaten ziren. Maltzagan denendako lekua zegoen (igerian jakin edo ez jakin). Betekoak ere baziren, handiak. Trenbideko zubitik bertara salto egiteko aukera ere bazegoen. Batzuek zutabetik egiten zuten salto; ausartenek, trenbideko baranda gainetik.
-
Gerrateek dirua ekarri dute Eibarrera
Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
1914ko gerran krisialdi eta gorabehera handiak izan ziren Eibarko lantegietan. Armen salmentak gorabehera handiak izan zituen. Eibarko armaginek urretan kobratzen zuten, dirutan kobratu beharrean. Dena dela, gerrak dirua ekarri dio Eibarri: jendea elkar hiltzen eta eibartarrak aberasten. Espainiako gerran ere berdina gertatu zen (gerraostean, Eibarko lantegi batzuk ere aberastu egin ziren armak saltzen).
-
Eibarko grebak eta "cocinas populares"
Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Eibarren, batez ere, armak egiten ziren. 1918-1920 inguruan arma-salmenta gutxitu egin zen eta krisialdia etorri zen. Eibarko hainbat tailer greban egon ziren 3 hilabetean. Eibartar gehienek ez zuten ez dirurik ez jatekorik eta Eibarko udalak "rantxoa" jarri zuen, "cocinas populares" izenekoak. Eibarko etxe bakoitzari zenbaki bat ematen zitzaion eta anoa kopurua. Bartolok 10 urte zituela, 1922an, egunero joaten zen bere familia osoarentzat janari bila. Gehienetan, bazkaltzeko, babak izaten ziren; afaria ere ematen zuten.
-
Primo de Riveraren garaiko alkateak
Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Eibarren sozialistek agindu dute ia beti. 1923an Primo de Riveraren diktadura hasi zen eta udalak desegin zituen. Garai hartan (1923-1930 bitartean) diktadurak jartzen zituen alkateak. Alkate barregarriak izan omen ziren.
-
Eibarko arma-lantegiak eta pistolak
Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Bartolok ez du lan handirik egin armagintzan. Lanean hasi zenean, pistolarentzat piezak egiten hasi zen, dena dela. Pistolak hainbat lantegiren artean egiten zituzten; bakoitzak zati bat. Bartolok, gehienbat, beste pieza batzuk egin izan ditu: armairuetarako, oheetarako... Eibarren errebolber asko egiten zen. Garai batean STAR zen handiena, Estatuarentzat ere egiten zituelako. Eibarren, beste guztiek errebolberrak egiten zituzten; Starrak baita pistolak ere.
-
11 urterekin hasi zen lanean: errekauak, iturrira uretara...
Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Bartoloren sasoian ume-umetan hasten ziren lanean. 10-12 urterako errekadista lanetan hasten ziren "granuja" lanetan. Hori izaten zen mailarik baxuena, astean 8 pezeta inguru. Bartolo Bidebarrieta kaleko lantegi batean hasi zen lanean: errekaduak egin, uretara joan iturrira, barautsak eta beste pieza batzuk erosi... Urkuzuko iturrira joaten ziren uretara.
-
Gerraostean preso egon zen hainbat hilabetez
Agustin Arana Barinaga (1913) Eibar
Gerra osoa igaro zuen. Gero, kartzelan, kontzentrazio-esparruan. Ondoren, Toledoko lantegi batean lanean jardun zuen eta handik Mirandara bidali zuten. 2-3 egun Mirandan egin ondoren, trintxerak egitera bidali zuten Elizondo ingurura. Han zegoela, ofizial batek arma bat eman zion konpontzeko eta Eibarrera itzuli zen egun batzuetarako (hainbat hilabetez Eibartik kanpo egon ondoren). Deustun beste 6 hilabete egin zituen, hango kartzelan. Hori guztiori igaro ondoren, duela urte batzuk kalte-ordainak jasotzeko ordua iritsi zenean, Agustini ez zioten kalte-ordainik eman nahi izan.
-
Gerran denuntzia asko herritarren artean
Agustin Arana Barinaga (1913) Eibar
Gerra garaian, denuntzia asko egon ziren herritarren artean. Gaizki-ikusiak eta zorrak tarteko, denuntzia asko izan ziren, gehienetan oinarririk gabeak.
-
Batallón de Trabajadores
Agustin Arana Barinaga (1913) Eibar
Eibarren ere izan ziren "trabajadoreak" (Batallón de trabajadoresekoak). Azitaingo jauregian bizi ziren. Agustin Irunen izan zen trintxerak egiten. Bidebarrieta-Errebal inguruko etxe guztiak trabajadoreek egin zuten.
-
Isasiko mojan zaindu zituen gerran
Agustin Arana Barinaga (1913) Eibar
Gerra hasi zenean egun batzuk Isasiko komentuan igaro zituen, hango mojak zaintzen (badaezpada). Mojak ebakuatzeko orduan ere, Agustinek eraman zituen Zeanurira.
-
Loiola batailoia
Agustin Arana Barinaga (1913) Eibar
Loiola batailoiaren lehenengo erasoa San Andres egun batean izan zen, Legution. Handik aurrera, "beti atzerutz!". Loiola batailoian eibartar asko zegoen; burua ere eibartarra zen, Beistegi.
-
'Zatixa' elkartea erreka ondoan dago eraikita
Agustin Arana Barinaga (1913) Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Eibarko errekaren zatirik gehiena estalita dago. Erreka gainean eraikitako lehenengo etxea udaletxea izan zen, Untzaga plazan. Ondoren "Dos de Mayo" (Toribio Etxebarria) kalearen zati bat egin zuten eta gerraostean beste zati bat. Bartoloren eta Agustinen elkartea egin zenean, zuloa egin behar izan zuten erreka-zulora.
-
Eibarko igerilekuak: Matsaria, Barrenazarra, Maltzaga, Areatza...
Agustin Arana Barinaga (1913) Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Eibarren hainbat tokitan zegoen igeri egiteko aukera: Matsarian, Maltzagan, Barrenazarrean,... Kakalardokuan (Alfa alboan) igerilekua ere egin zuten 1930 inguruan. Horixe izan zen Eibarko lehenengo igerilekua. Bartolok eta Agustinek ez zuten erabili, ordurako nagusi samarrak zirelako. Bartolo gehienbat Maltzagara eta Barrenazarrera joaten zen (gaur egungo Barrena kalean). Areatzan ere bai (Indianokua jauregi ondoan).
-
Indianokoa jauregia eta Pantaleon zaintzailea
Agustin Arana Barinaga (1913) Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Indianokoa jauregian Iraolagoitia familia bizi izan da. Gaur egun Aldapatxo dagoen tokian. Etxe ederra zen, armarri eta guzti. Barrutik ere oso ederra zen. Atzeko aldean, Ardantza alderantz, ortu zabalak zituen. Ortuen zaintzailea Pantaleon zen, Debatik etorritako gizon bat. Bera zen jauregiaren baratz eta lurren zaintzailea. Pantaleonen etxea trenbide ondoan zegoen, Ardantzan.
-
Ixu Eguna eta ur bedeinkatua
Agustin Arana Barinaga (1913) Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Aste Santuan "Ixu Eguna" izaten zen. Su eta ur bedeinkatua hartzen zen elizan eta etxerik etxe banatzen zen. Ixua egur ihartua da. Umeak ixu zati batekin joaten ziren elizara, su berri bedeinkatua hartu eta etxerik etxe banatzen zen. Eta ur bedeinkatua ere banatzen zen. Ur bedeinkatu hori gero etxeetan gordetzen zen eta gaixoekin erabiltzen zen. Sua eta ura parrokia barruan bedeinkatzen ziren.
-
San Blas eguneko bedeinkapenak parrokian
Agustin Arana Barinaga (1913) Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
San Blasetako tipikoa opilak eta hariak dira. Eztarrian jartzen diren hariak. Haria astebetean erabiltzen zen eta gero sutara bidali. San Blas egunean meza izaten zen parrokian. Hariak, opilak eta frutak bedeinkatzen ziren. Bartolok eta Agustinek San Andres parrokian ezagutu dute beti, baina lehenago Santa Ines elizan izaten ziren mezak eta bedeinkapenak. Sanblas opilak bi motatakoak ziren, bata oraingo opilen estilokoak, eta besteak ogiz egindakoak, gainean eztia, arrautzak eta frutak zituztela.
-
San Andres Eguna ez zen jai izaten
Agustin Arana Barinaga (1913) Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
San Andres Egunak gorabehera handiak izan ditu. Garai batzuetan jai egin izan da, baina beste batzuetan laneguna zen. EAJk jai nahi izaten zuen, eta, azken urteotan, azoka handia ere badago. Baina Bartoloren gazte denboran, ez zen ezer izaten. Eibarko patroia zela, baina ez zen ezer berezirik ospatzen.
-
Eibarko lehenengo abertzaleak eta batzokiak
Agustin Arana Barinaga (1913) Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
Eibarko lehengo batzokian, Errebal kalekoan, frontoia eta antzokia zeuden. Baita lehenagoko batzokian ere, Bidebarrieta kalean. Garai hartan abertzaleei "bizkaittarrak" esaten zitzaien.
-
Eibarren sozialistak eta errepublikazaleak nagusi; abertzale bakarra udaletxean
Agustin Arana Barinaga (1913) Bartolo Arriola Garate (1912) Eibar
1920-1930 inguruan oso abertzale gutxi zegoen Eibarren; gehienak sozialistak eta errepublikazaleak ziren (19 zinegotzitik 18). Abertzale bakarra zegoen udaletxean, Joakin Elorza. Sozialistak ziren nagusi eta errepublikazaleak ere asko ziren (Eulogio Garate, Mateo Kareaga, Bustinduitarrak...). Errepublikazaleen lokala Txiriokaleko lehenengo etxean zegoen (gaur egun Dardai soziedadea).