Hika hizketan

  • Maritxu Arrese Euskal kantak ikasten zituzten `Boga-boga´ liburutik

    Maritxu Arrese Letona (1945) Ramon Arrese Letona (1949) Eskoriatza

    Ez dute gaur egungo euskal musika talderik ezagutzen. Garai batean euskal kantak ikasten zituzten abadearekin, maistra etorri aurretik, `Boga-boga´ liburuarekin. Gustuko zuten abestea. Maritxuk dio arrosariotik irtendakoan kantuan joaten zirela basora. Gaur egun gazteek ez dute euskal abestirik abesten. Ramonek dio beraiek tabernarik taberna kantuan ibiltzen zirela.

  • Maritxu Arrese Meza, jendea elkartzeko aitzakia

    Maritxu Arrese Letona (1945) Ramon Arrese Letona (1949) Eskoriatza

    Garai batean auzokoak mezara joaten ziren eta denak elkartzeko aitzakia izaten zen. Gaur egun askoz gutxiago ikusten dute elkar. Gaur egun Whatsapp bidez izaten da gehiago harremana.

  • Iñaki Dorronsoro Zoriak euskaltegiko irakasle izatera eraman zuen

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Ingeniaritza zibila ikasi zuen Bilbon, baina berehala konturatu zen ez zela hori nahi zuena. Buelta asko eman ostean, Lasarteko euskaltegian hasi zen lanean. Bide horretan ez du bereziki euskararen inguruko lanketarik egin eta ataundarra izateak eta etxean euskara ona jasotzeak ahalbidetu duela bera euskara irakasle izatea dio.

  • Iñaki Dorronsoro Euskara aberatsa jaso du etxean

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Aita ataundarra eta ama orexarra ditu. Gurasoengandik euskara ona jaso du, haiek aurrekoengandik halaxe jaso zutelako. Pertsonaren arabera euskara itxiagoa edo garbiagoa erabiltzen du. Tratamenduei dagokienez ere badu aberastasuna. Umetatik jaso du hika, gurasoek hala egiten diotelako. Berorika ere ez zaio arrotza egiten, "Jentilen etorrera" elkartekoen antzezpenetan entzun izan duelako eta familian ere aurrekoek erabiltzen zutelako.

  • Iñaki Dorronsoro Toka umetatik; noka beranduago

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Senide guztiak mutilak dira eta, ondorioz, etxean toka zen nagusi. Hala ere, beti entzun izan du noka ere, gurasoek euren senideekin noka ere erabiltzen zutelako. Umetan toka egiten zuen mutilekin eta neskekin zuka. Nagusitu arte ez zen hasi noka erabiltzen, jakin arren. Euskaltegian lanean hasteak zerikusia izan zuen noka erabiltzearekin, ikasleei eskatzen ziena berak ez zuela betetzen sentitzen zuelako. Hasieran zukatik nokara aldatzea kosta arren, gaur egun denekin hika egiten du.

  • Iñaki Dorronsoro Euskaltegiko ikasleei ere hika

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Hasieran kosta egin zitzaion noka egitea, baina lortu zuen. Gainera, kutsakorra dela dio, inguruko batzuk gerora hasi direlako. Euskaltegian C2ko ikasleei ere hika egiten die eta ikasturte bukaerarako izaten da hika ausartzen denen bat urtero.

  • Iñaki Dorronsoro Denei hika, zuka erantzun arren

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Gaur egun inguruko guztiekin hika egiten du, nahiz eta haiek zuka erantzun. Horretara ohitu egiten dela dio. Gainera, hika eginez gero, hika pixka bat dakitenak ere animatu egin daitezke.

  • Iñaki Dorronsoro Ataunen nagusiagoek hika; irakaslearen eragina

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Ataunen bera baino dozena bat urte zaharragoek toka-noka naturaltasun osoz egiten dute. Bere belaunaldian hasi zen galera. Hala ere, adin inguru horretako neska batzuk kontzienteki ahalegintzen direla hika erantzuten dio. Umetan izan zuen irakasle batek berari hika egiteko eskatzen zien. Badaki inguruko batzuek hari esker hartu zutela hika egiteko ohitura.

  • Iñaki Dorronsoro Irakasleari hika; hitanoaren "arauak"

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Jesus Mari Goikoetxea `Goiko´ ataundarra izan zuen irakasle umetan eta ikasleei hika egiteko eskatzen zien. Zenbaitek, tartean Iñakiren aitak, ez zuen ondo ikusten umeek irakasleari hika egitea, hitanoaren erabilera-ohituren arabera, zaharragoei hika egitea gaizki ikusita egon delako. Hitanoaren "arauak". Bera arau horiek malgutzearen aldekoa da. Zenbait adibide jartzen ditu.

  • Iñaki Dorronsoro Umeei oso txikitatik hika

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Hitanoaren erabilera-arauetako bat ume txikiei hika ez egitea izaten zen; normalean pixka bat koskortutakoan egiten zitzaien. Iñakik dio euren familian oso txikitatik egin izan dietela hika umeei. Abereei, berriz ez daki nola egingo ote dieten.

  • Iñaki Dorronsoro Garai batean Ataungo eskolan euskalkia eta hika transmititzen ziren

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Garai batean Ataungo irakasleen gehiengoa bertakoa edo ingurukoa izaten zen. Ondorioz, era naturalean iristen zitzaizkien umeei bai euskalkia eta baita hika ere. Ez daki gaur egungo egoera zein ote den.

  • Iñaki Dorronsoro 30 urtetik beherakoek noka gutxi Ataunen; zergatik?

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Gaur egun 30 urtetik beherakoek ia ez dute noka erabiltzen Ataunen. Zaharragoetan ere badaude hutsuneak eta beharbada ez da toka adina erabiliko, baina erabiltzen da. Une batetik aurrera nesken eta mutilen kuadrillak bereizi egin zirelako izan daitekeela uste du. Zenbait familiatan senide nagusiagoek hika eta gazteagoek zuka egiten dute.

  • Iñaki Dorronsoro Hitanoaren fama

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Herri batzuetan gurasoek semeei hika egin izan diete eta alabei, berriz, zuka. Iñakik ez daki hori Ataunen horrela izan ote den. Hala ere, hitanoa hizketa zakarra izatearekin lotu izan dela dio. Kale-hizkera da. Euskararen eta hitanoaren fama. Norbaitekin hika hasitakoan, harrera ona izaten da normalean, baina kontrako jarrerak ere tokatu izan zaizkio. Euskara gaitzesteko erabili izan diren argudio berberak erabili izan dituzte hika gaitzesteko.

  • Iñaki Dorronsoro Euskarak eta hikak kalea behar dute bizirauteko

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Euskara baserri-giroan gorde da ondoen, baina kalea (ere) behar du bizirauteko. Hiriak handitzen joan diren heinean, kanpoko jendea etorri da eta euskara gutxitu egin da hirian. Euskarak arnasguneetan iraun du, inguruko herri txikietan, baina horietan ere beheraka doa. Bizirauteko, hiria hartu behar dela uste du Iñakik. Hitanoarekin gauza bera. Hitanoa garrantzitsua da kaleko hizkeraren hutsunea betetzeko (bestela euskañola erabiltzen da). Kale-hizkerarako beharrezko da hika.

  • Iñaki Dorronsoro Hika baztertzeak ate asko isten ditu

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Euskaldunok baztertu egin dugu hika, bai eskoletan eta bai euskaltegietan; aditzak irakasterakoan, hi pertsona saltatu egin izan da. Baina, aldi berean, hi hori garrantzitsua da, hori delako kalean erabiltzeko hizkera: haserretzekoa, ligatzekoa, madarikatzekoa... Identitate-marka da hika. Gertutasuna ematen du harremanetan.

  • Iñaki Dorronsoro Jende gehienari hika; zuka kontzienteki

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Desberdin sentitzen da hika ala zuka egin. Jende gehientsuenari hika egitera pasa zenez, orain kontzienteago da nori egiten dion zuka eta zergatik. Ezezagunei ere hika egiten die. Euskararekin berarekin gertatzen den moduan, iruditzen zaio lehenbizi euskaraz/hika hasi behar dela eta hartzaileak adierazi beharko lukeela eroso sentitzen ez bada.

  • Iñaki Dorronsoro Hitanoa kritikatu izan da, generoa bereizten duelako

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Hitanoari egin izan zaion kritiketako bat generoa bereiztearena da. Iñakik garbi du euskarak berez ez duela generorik, baina egia da hitanoak hartzailearen generoa kontuan hartzen duela. Bere ustez hitanoa berreskuratzea da lehentasuna eta ondoren etorriko litzateke generoaren auzia konpontzea. Berorika galdu egin zen eta hitanoarekin gauza bera gerta daitekeela ikusten du. Hitanoa ez da gauza berri bat, lehendik geneukan zerbait berreskuratzea baizik.

  • Iñaki Dorronsoro Euskara ikasten dutenek "euskara osoa" ikasi beharko lukete

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Leku batzuetan, hiriburuetan, adibidez, esaten dute nahikoa dutela euskarari eustearekin eta hitanoa ez dutela behar. Araban euskarak gorakada handia izan du azken urteetan. Oso maila xumetik abiatu dira eta Iñakiren ustez horixe da gune egokia hitanoa sartzeko: euskara ikasterakoan, "euskara osoa" ikasi beharko litzateke. Euskararen beste atal bat ikastea da kontua eta atal horrek ate asko irekiko lizkieke.

  • Iñaki Dorronsoro Gaztelaniak betetzen ditu hizkuntza informaleko zuloak

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Hika berreskuratu ezean, zukak ezin duenez bete hikaren funtzioa, zulo guztietan gaztelania sartzen da. Euskarak hutsuneak dituen eremuetan (biraoak, sexuarekin lotutako lexikoa...) berehala sartzen dira gaztelania edo frantsesa. Gaur egun, gainera, ingelesak ere hartzen ditu zenbait esparru.

  • Iñaki Dorronsoro Arnasguneen eredua garrantzitsua

    Iñaki Dorronsoro Maioz (1994) Ataun

    Hitanoaren egoera hobea da "arnasguneetan". Herri horietan hitanoa erabiltzea eredu izan daiteke inguruko herri handiagoentzat. Iñakik herri ezberdinetako errealitateak ezagutu ditu. Noka ikastaroan ibili ziren neska lasartearren adibidea. Hala ere, horrekin ez dela nahikoa iruditzen zaio.